Ekolingua

Play&Decide

Jolasaren oinarri metodologikoa Europako Komisioak sortutako Play&Decide eztabaida-jolasaren eredua da (http://www.playdecide.eu/).  Play&Decide eredu horren helburu orokorra da gai zehatzen inguruan iritzi desberdinak dituzten jendarte-mailako hausnarketak, arrazoitzeak eta eztabaidak erraztea.

Nola jolastuko gara?

1. Prestaketa

Inprimatu PDFak koloredun orrietan edo kartoi mehean, fitxategien izenen arabera.

A4 orri hauek behar dituzu: horia (1), laranja (2), berdea (3 edo 4), urdina (3 edo 4) eta zuria (7).

Ebaki txartelak.

Inprimatu edo kopiatu jokalari-kopurua adina mahai-tapiz eta argibide-orri. EkoLinguA jokoarekin jolasteko pertsona-kopuru egokiena bost eta zazpi artekoa da.

2. Hasi aurretik

Dinamizatzaileak argibide hauek azalduko dizkie jokalariei eta jokoa bideratuko du.

Hasten denetik amaitu arte, EkoLinguA-k 80 minutu irauten ditu gutxi gora behera.

Jokoaren helburua, amaieran partaideen artean elkarrekin osatu eta adostutako ahalik eta jokaldi gehien osatzea izango da. Jokoa bai? Zenbat?

Jokalari guztiek mahai-tapiz bat dute haien aurrean. Dinamizatzaileak txartelak banatuko ditu eta jokalariek mahai-tapizaren gainean jartzen joango dira.

Jokoak hiru buelta ditu: 1) Lehenengo bueltan, jokalariek kartak irakurri eta informazioa partekatu behar dute. 2) Bigarren bueltan, jokalariek kartetan ateratakoarekin solastu eta eztabaidatu egingo dute. 3) Hirugarren bueltan, jokalariek taldearen erantzun bateratua adosten eta jokaldia (Jokoa bai?) osatzen saiatu behar dute.

Lehen buelta hasi aurretik, dinamizatzaileak arauen berri (behean ezkerrean) eman behar die jokalariei, eta txartel horiak banatu. Edozeinek erakutsi dezake txartel hori bat, eztabaida eteteko, norbaitek arauren bat urratu duela uste badu. Arazoa konpondu ondoren, jarraitu eztabaidatzen.

Mahai-tapizaren goiko aldean, eskuinaldean, oharrak eta ‘hasierako pentsamenduak’ idazteko tokia dago.

3. Jokoan zehar

1. buelta. Irakurri eta azaldu

Jokoaren atal honek 30 minutu inguru irauten ditu.

Jokalari guztiek “Zer da hizkuntza-ekologia” sarrera irakurri behar dute (goiko aldean, ezkerrean). Jokalariari sortzen zaizkion burutazioak ‘hasierako pentsamenduak’ (goiko aldean, eskuinean) tokian idatzi ditzake.

Ondoren kartak banatu, irakurri eta azaldu egin behar dira.

a) Dinamizatzaileak Istorioen bina karta banatuko ditu. Jokalari bakoitzak bat aukeratu behar du, jasotakoetatik deskartea eginez, sobratuetakoetatik aukeratuz edota kideren batekin trukatuz. Aukeratutakoa mahai-tapizean jarri eta jarraian bakoitzak berea irakurri eta besteei azaldu behar die.

b) Ondoren, dinamizatzaileak Informazio izeneko hiruna karta banatuko ditu. Jokalari bakoitzak bi aukeratu behar ditu, deskartea eginez edota trukatuz, eta mahai-tapizean jarri. Jarraian bakoitzak karta bana irakurri eta besteei azaldu behar die, baina (eta hau araua da) beti ere aurreko istorioetan agertutakoekin lotura eginez.

c) Azkenik, dinamizatzaileak Eztabaidagaia izeneko hiruna karta banatuko ditu. Jokalari bakoitzak bi aukeratu behar ditu, deskartea eginez edota trukatuz, eta mahai-tapizean jarri. Jarraian bakoitzak karta bana irakurri eta besteei azaldu behar die, baina beti ere aurreko istorio eta informazioetan agertutakoekin lotura eginez.

Jokalariek edozein unetan erabil ditzakete txartel zuriak, behar duten informazioa edo eztabaidagaia idazteko.

Atal honen bukaeran, mota guztietako txartelak daude mahai-tapizetan, azken irudian ikus daitekeen bezala.

2. buelta. Solastu eta eztabaidatu.

Jokoaren atal honek beste 30 minutu inguru irauten ditu.
Buelta honetan jokalariek kartetan ateratakoarekin solas egin, eztabaidatu eta kartekin multzoak egin behar dituzte.

Solasaldia irekitzeko modu bat baino gehiago dago, ‘eztabaida askea’ izan daiteke edota ‘txandaka’ hitz egiten hasiz. Eztabaidan zehar guztiek saiatu behar dute arauak errespetatzen (bestela, txartel horiak erabil daitezke).

Eztabaida moteltzen bada, ‘erronka-txartelek’ erraztu dezakete bidea. Dinamizatzaileak buruz behera banatuko ditu txartelak. Jokalariek txartelak irakurri eta erronkari erantzungo diote.

Behin solasaldia abiatu ondoren:

a) Garrantzitsua, jokalariek kartak erabili behar dituzte iritziak ematerakoan, beren argumentuak ahal dela kartekin lotuz. Norberaren kartak, besteenak edota deskartean mahaian utzitako kartak erabili ditzakete.

b) Jokalariek beren argumentuekin batera erabiliko dituzten kartak mahaira bota eta pilatu behar dituzte, eta antzeko ikuspuntua edo gaia dutenekin karta-multzoak edo familiak osatzen hasi.

Txartel-mota guztiak erabil daitezke familia bat egiteko: istorioak, informazioak, eztabaidagaiak, zuriak… 3. buelta. Jokoa bai? Elkarrekin Jokaldiak adostu eta osatu.

Jokoaren azken atal honek 20 minutu inguru irauten ditu.
Buelta honetan jokaldiak osatzen saiatu behar dute jokalariek ahalik eta gehien.

a) Aurreko bueltan eztabaidan zehar mahaian osatu dituzten karta-familiak adostu (gutxienez bat) eta bakoitzari dagokion gaiaren arabera izen bat jarri. Horietako bakoitza jokaldi bat izango da.

b) Jokaldi bakoitzarekin Jokaldi-orri bana bete. Bertan jokaldiaren izena, jokaldia osatzen duten kartak eta jokaldiaren ondorioak bildu behar dira.

4. Jokoaren ostean

Proposamenak bota (aukeran). Animatuko gara?

Eztabaidan hitz egindakoak eta Jokaldietan adostutakoak kontuan hartuz, aukerako urratsa izan daiteke jokalariek bere ingurunean bideratzeko proposamenak edota konpromiso moduak luzatzea eta “Proposamenen eta Konpromisoen Orrian” jasotzea.

Emaitzak zabaldu

Jokoa amaitu ostean, antolatzaileek edo dinamizatzaileak jokaldi-orrietan jasotako jokaldiak ekolinguaren webgunera igo ditzakete, eta horrela nahi duenak eskura izango ditu leku ezberdinetan egindako EkoLinguA saioen emaitzak.

Deskargatu Ekolingua Solas-jokoa.

 

 

footerra
Back to Top